Francoren erregimena amaitu zenean, Espainiako tradizio juridikoak eta frankismoaren corpus juridiko nagusia baztertu eta euskal administrazio arina eta azkarragoa garatuko zen itxaropena geneukan. Baina ez da horrela gertatzen ari. Duela aste batzuk, euskal administrazioaren menpeko elkarte bateko zuzendariak zera esan zidan: abokatuek haren elkarte publikoa "bahituta eta itota zeukatela".
Ez dago legeak ulertu eta ezartzeko modu bakarrik; beste eredu batzuk badira. Nik neuk Danimarkako Gobernuko administrazioaren berrikuntzarako zuzendariarekin izan nuen harremana.
Zuzendari hark esan zidan irakurrita zeukala Espainiak onartutako 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoen bitarteko digitalak erabiltzeko moduak arautzen zituena: 24 orrialde eta 46 artikulu.
Hauxe ezan zidan: "Lege hori ez da inoiz beteko. Guk Danimarkan gutxitxoago idazten dugu; gauza sinpleak proposatzen ditugu, eta benetan beteko direnak".
Hau gehitu zuen: 2009an Danimarkako Legebiltzarrak aho batez onartu zuela hiritarrek egin beharreko harremanak Internetez egitea derrigortzea. Legea orrialde bakarrean idatzita zegoen eta bi artikulu hauek zituen:
1-Aurrerantzean, Danimarkako hiritarrek administrazioarekin harreman guztiak Internetez egin beharko dituzte.
2-Hiritar batek aipatua bere kabuz betetzeko gaitasun nahikorik ez badu, haren gurasoek edo anai-arrebek egingo dute beraren ordez.
Akabo. Benetan sinplea, arina eta ulergarria!
Ez dugu ezer onik lortzen administrazioa lege-prozedurez "bahituz eta itoz". Burokrazia gutxiko administrazio baten alde egin beharko genuke apustua.