Erabaki orok akats bat dakar

Jhon Doerren Abiadura eta eskala liburua irakurtzen nabil. Klima-krisiari aurre egiteko presa aldarrikatzen du, eta krisia gainditzeko ekintzaplan osoa eta ausarta eskaini.

Doerr Kaliforniako arrisku-kapital alorreko irudi handi bat da. Izan ere, Google, Amazon, Netscape, Symantec, Sun Microsystems, Macromedia eta antzerako enpresa asko eta asko sortzen lagundu du. Horren ondorioz, 2.700 milioi dolarreko aberastasuna dauka.

Kaliforniako arrisku-kapital enpresen estatistikek erakusten dute enpresa horiek inbertsioak egiterakoan hamarretik baten edo bitan asmatzen dutela soilik. Alegia, askotan gertatzen zaie dirua jartzen dutela pot egingo duten start-up edo enpresa berriak sortzeko saiakeretan. Baina asmatzen duten gutxi horiek nahiko izaten dira gainetikoen zorrak estali eta dirutzak irabazteko.

Doerren lana ez da erraza eta lasaia. Arrisku-kapitaleko enpresen eskuetan dirua uzten dutenek bankuetatik edo bestelako inbertsioetatik lortzen ez duten etekina lortzea dute helburu; beraz, arrisku-kapitaleko enpresek hamarretik baten edo bitan asmatzen dutenez, tentuz begiratu behar izaten dute dirua non jarri, eta horrek izugarrizko tentsio dakarkie.

Berak aitortzen duenez, azken hutsegite handienetakoa Tesla izeneko auto elektriko enpresan dirurik ez jartzea izan da. Itxura denez, une berean aukera izan zuen Teslan edo Fisker Automotive izeneko enpresan dirua sartzeko, biak ala biak auto elektrikoak egiteko asmotan zebiltzanak. Doerrek Tesla baztertu zuen eta Fiskerren sartu zuen dirua. Handik gutxira, Fisker pikutara joan zen eta Tesla, ordea, izugarrizko arrakasta izaten hasi zen.

Honek guztiak Blas Pascal matematikari frantziarraren esaldi ezagun hau ekarri dit burura: "Kontuan izan behar dugu erabaki orok akats bat egitera eramango gaituela; izan ere, zerbait erabakitzen dugun bakoitzean, zokoratu egingo ditugu guztiz baliozkoak izan litezkeen beste aukera batzuk".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak