Toyotaren bidea, baliagarri

Lehen aldiz 70 urtean General Motors ez da izan Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) auto gehien saldu dituen enpresa. Toyotak 2.332 miloi auto saldu zituen 2021ean eta General Motors, berriz, bigarren geratu da: 2.218 miloi auto.

Gogora ekarri nahi nuke Toyotak 25 urte behar izan zituela lehenengo aldiz ganorazko auto bat garatzeko. Garai batean, Tokioko egunkarietan barre egiten zieten Toyotaren autoei, bertan ura sartzen zelako eta ateak ez zirelako ondo ixten.

Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, Japoniako ekonomia abian jartzen ahalegintzen ziren hartan, autogintzan bi garapen eredu izan ziren: batetik, Nissanek bere bankuen laguntza sendoa eskuratu ahal izan zuen, eta, ondorioz, AEBetan makina-tresna aurreratuenak erosi zituen; Toyotak, aldiz, ez zuen behar besteko laguntzarik aurkitu eta Japoniako hornitzaileen bigarren mailako makinak besterik ezin izan zuen eskuratu. Makina txikiak, oso sinpleak eta bata bestearen ondoan jartzen zituenak. Estualdi hartatik Just in time eta Toyotan Management System jaio ziren, gaur egun mundu osoan kudeaketa eredu bihurtu direnak.

Hasiera baten, Toyotak ez zizkion bere lantegiak inori erakusten, bisitariak beraien mirariaren iturria-z ohartuko ziren beldur. Gerora, Toyotako agintariak ohartu ziren mendebaldeko bisitariek azaleko azterketa besterik ez zutela egiten eta mirariaren iturria galtzeko inolako arriskurik ez zegoela. Geroztik, Toyotaren eredua sakon erakusten duten liburu sorta ederra argitaratu da. Baina itxura batean, behintzat, inor gutxi izan da gai japoniarren bikaintasun mailara iristeko.

Gu, euskaldunok, ikasle onak izaten gara, eta, beraz, aukera ederra izan dezakegu Toyotaren eredua gure alde baliatzeko. Bere jakintza eskura dago eta liburuetan zehaztasun handiz azaltzen zaigu. Baliatu dezagun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak