Garai hartan, Danimarkan 270 udal zeuden, eta hango Legebiltzarrak, aho batez, udal-baterakuntza abian jarri zuen, eta udal kopurua 98ra jaitsi; alegia, gaur egun, hiru aldiz udal gutxiago dago Danimarkan.
Aldi berean, Danimarkako Legebiltzarrak erabaki zuen herritarrek administrazioarekin izan beharreko harreman guzti-guztiak bide digitalak erabilita izango zirela.
Ordurako, txosten ugari irakurrita neuzkan, Danimarkako Gobernuak landutakoak, eta gauza berezi batez ohartuta nengoen: txostenak oso arinak izaten zirela, gutxitan hamar orritik gorakoak.
Beraz, hori kontuan izanik, Danimarkako Gobernuko Administrazio Berrikuntzaren zuzendariari galdera hau egin nion: "Zenbat orrialde dauzka daniarrak bere administrazioarekin izan beharreko harreman guzti-guztiak modu digitalean egitera behartzen dituen lege-dekretuak? Haren erantzuna hauxe izan zen: "Orri bete".
Ondoren, beste galdera hau egin nion: "Zenbat artikulu dauzka lege-dekretu horrek? Haren erantzuna: "Bi bakarrik".
1-Daniarrek administrazioarekin izan beharreko harreman guzti-guztiak bide digitalak erabiliaz egingo dira.
2-Herritar batek ezin baditu bide digitalak erabili, harremanak bere senideek egingo dituzte haren ordez.
Gure administrazioa, berriz, oso barrokoa izan ohi da, eta bere egitasmo-txostenak gutxitan izaten dira 100 orritik beherakoak.
Danimarka, gaur egun, gu baino 2,25 aldiz aberatsagoa da. Beraz, honetatik irakasgai bat ikasterik badaukagu: sinpletasuna, beti irabazle!