Aholku jatorrenak nirekin batera urte betez zinegotzi izan zen Mikel Larunbek –Arrasateko Ospitaleko zuzendaria zena– ematen zizkidan. Jakinik administrazioko zereginak astunak zirela, zera esaten zidan nire ilusioa mantentzeko: "Pentsatu behar duzu egiten ari zaren lana herriaren alde dela". Ondoren, berehala, beste perpaus hau gehitzen zuen: "Inoiz ez zaitez pentsatzen jarri herria zein gizabanakok osatzen duten. Horiei banan-banan begira jarriz gero, konbentzitu egin zintezke halako pertsonez osatutako herriak ez duela horrenbesteko lana merezi eta".
Mikelen esanetan, herria maila idealizatu baten mantendu behar zen, betiere, errealitatea gordinegia gerta ez zekigun. Aitortu behar dut, urteak etorri, urteak joan, Mikelen hitzak gero eta maizago etortzen zaizkidala gogora. Izan ere, gure Aberriko gauza asko eta asko ez zaizkit gustatzen eta Euskadi berriz ere idealizatu beharrean nabil.