Nahiz eta urrun geratzen zaigun aberri batekoa izan, Olof Palmek izan zuen Euskadirekin bere loturatxoa. Izan ere, 1975eko irailaren 27an Txiki, Otaegi eta FRAP-eko hiru kideren erailketaren kontra agertu izan zena Europako lehen agintaria izan zen. Oraindik ere Youtuberen bitartez aukera dago horren inguruko bere agerpena ikusi eta Francori "deabru erabiltzailea" nola deitu zion entzuteko.
Kontua da 30. urteurren honek Olof Palmek garatu izan zituen politikak gogoratzeko aukera ematen didala. Horietatik bat, niretzat, zinez interesgarria da. Alegia, Olof Palmek Suediako 25 urtetik gorako langileei aukera eman zien unibertsitatean doan ikasteko, horrela bizitzako bigarren aukera eskuratzeko bidea irekiz. Hemen, 30 urte pasa diren arren, oraindik ez gara halako politikarik ezartzeko gai izan, nahiz eta On Jose Maria Arizmendiarrietak garbi azaldu zigun honako hauxe: "Libertatea maite duen herriak bere heziketaz arduratu behar du; izan ere, ezjakintasunak esklabotzara darama".