Zehazki, kartel horietan, egoera kaskarrean aurkitzen diren hamar enpresaren izenak aipatzen ziren eta beraiei laguntzeko Industria Sailak ezer gutxi egiten dela salatzen zuen sindikatuak. Iruditzen zait Industria Sailak ez duela inoiz garbi hitz egiten krisialdi egoeretan dauden enpresei laguntzeko duen benetako ahalmenaz. Izan ere, dela Europar Batasunak ezartzen dituen estatu-laguntzen mugengatik, dela gaitasun ekonomiko urriagatik, Jaurlaritzak ezer gutxi egin ahal izango du enpresa horiei laguntzeko.
Ondorioz, iruditzen zait bere eskuetatik kanpo dagoenaz baino gehiago, berez dituen eskumenez eskatu beharko geniokeela erantzukizuna. Esate baterako, ekintzailetasuna eta ikerkuntza bultzatzeko burutzen duen lanaz. Izan ere, Euskadiko ekintzailetasun maila Espainiako Estatuko txikienetarikoena izatera iritsi da eta, bestetik, ikerkuntza gastua barne produktu gordinaren %1,84ra jaitsi da, helburutzat jotzen zen %3tik erabat aldenduz.