Ez dut ulertzen zergatik ez duen EHUk hasieratik azaldu nola egiten diren probak, nola ebaluatzen diren, ze aldaketa egon den prozesu hauetan joan den urtetik hona, zenbait ikasle eta familiaren kexak hainbeste gizendu baino lehen.
Ostegun goizean entzun nuen, irratian, azterketak zuzentzen ibilitako irakasle bat azalpen hauek guztiak ematen, eta orduan ulertu dut 0 kalifikazio hauen arrazoia edo arrazoia litekeena. Ikasle batzuek 0 atera dute euskaran; beste batzuek, beste ikasgai batzuetan. Baina euskara izan da orain ere seinalatua. Euskara da ikasle baten etorkizunean oztopo, euskara da lanpostu bat lortzeko oztopo eta abar.
Nik zero patatero jartzen diot unibertsitateko errektoreari, gauzak hasieratik ondo ez azaltzeagatik; berdin komunikabide gehienei, benetako kontrastea egin gabe notizia puzteak ez diolako euskarari kaltea besterik ekarri; zero, euskarari behar duen lekua ematen ez dioten ikasleei eta irakasleei; eta zero patatero, epaileei.