Ezusteko oparia

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Oiarbide Iruretagoiena 2026ko apirilaren 22a

Aitak magnetofoi bat zuen.

Zinta piloa grabatu zituen bere burutazio eta kantekin. Aita 2010eko azaroan joan zen, 16 urte dagoeneko.

Martxoaren amaieran bete nituen nik urteak, eta familian ospatutako eguna izan zen, urtero bezala. Hurrengo egunean, nire ahizpa Jaxonek whatsapp bat bidali zidan ezusteko opari batekin: "Pixka bat kosta zait aurkitzea, eta, atzeratuta bada ere, hemen duzu nire oparia".

Audio bat da, hau da gauza arraroa! Entzuten hasi, eta urteak zurrunbiloan atzerantz joan ziren bat-batean! Flashbacka! Gizon bat bertso batzuk kantatzen. Ai, ene! Aita da! Unibertsitateko titulua atera nuenean jarri zizkidan bertsoak dira, 23 urte nituenekoak!

Dardara batek hartu ninduen, ondoren malko isilak, eta, azkenik, negar-zotinka hasi nintzen. Ze polita eta ze mingarria, aldi berean! Aita ondoan nahi nuen, aita faltan igartzen nuen, faltan igartzen dut. Aitatxo esaten nion. Aitak, familian ospakizunen bat zegoenean, jaiotzak, ezkontzak, urtebetetzeak edo amarekin haserrealdia izaten zuenean ere, bertsoak idatzi eta bere doinuekin abestu eta grabatzen zituen. Zein ederra den altxor hau izatea. Aitatxo, eskerrik asko bidalitako opariagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak