Boloetan jolasten ari da Trump, pertsonaia zitala. Boloetan lehenengo etzan duena Maduro izan da. Ez dut hitz on bakar bat esango Madurori buruz. Ez da demokratikoki hautatutako presidentea izan, tranpak eta edozein diktadorek boterea irabazteko egiten dituen sarraskiak, atxiloketak, hilketak, herriaren aurkako kalteak, bukaezinak dira.
Ez dakit nola konpondu zitekeen diktadorea boteretik kendu eta hauteskunde demokratikoak deitzea, baina boloetan dabilen sasi-jainko amerikarra nork geldiaraziko du orain? Venezuelan sartu den bezala sartzeko eta garbi-garbi bertako petrolioa nahi duela esateko barruak dituenak zer ez ote du egingo?
Jendea urduri dago, tipo honen gose akabaezin horrek Groenlandiako lurraren aberastasunak, Ukrainakoak eta auskalo nongoak lortzeko ez baitu ez mugarik eta ezta lotsarik ere. Jendeak galdetzen du ea nork geldiaraziko duen Trump erokeria honetatik ateratzeko. Demokrazian sinesten dugunontzat, erantzuna bakarra da: amerikarrek.