Ez dute gogoko ez Udaltzaingoa eta ez Ertzaintza ere. Bururatu zait behin edo behin bere eredutik gertuago ote dagoen lehen genuen polizia, ondo ezagutu dugun polizia espainiarra. Berehala joan zait, ordea, burutazioa!
Orain badakigu zein den bere eredu poliziala… fikziozkoa! Horixe ba! Nola ez zaigu bururatu Finlandia edo Norvegiako Netflixeko telesailetan agertzen diren poliziak direla onenak! Pistolarik apenas erabiltzen omen dute... Ipar Europan dauden herrialdeetan, nonbait, poliziek gaizkile eta terroristak zalabardoaz harrapatzen dituzte. Hau marka! Ez nuen uste Arnaldok fikzioaren eta errealitatearen artean diferentziarik sumatzen ez zuenik! Umeei esaten diegun bezala, Arnaldo, pelikuletan ikusten duguna "gezurretazkoa" da. Film edo telesail batean gidoilariak daude, aktoreak daude, dena da asmatutakoa... Hara, Arnaldo, gauza bat bakarrik geratu zait argi, Netflix eta horrelako plataformak gogoko dituzula, baina ez dut, ba, Ertzaintza zalabardoz ekipatuta ikusten!