Gosez, minez, amorruz, negarrez, desesperazioz… Bihotz txiki horiek handiak izango al dira egunen batean? Zenbat denboraz iraungo dute bizirik? Begi eder handiak izan ziren noizbait, triste, inpotentziaz betetako begiradak gaur. Euren munduaren kolorea zuri-beltz bihurtu den honetan, kolore bakar batek hausten du eguneroko grisen eskala: gorriak. Odol jarioa sortu dute egun batean euren larrutan naziek eragindako holokaustoa jasan zutenek. Nola da posible hainbeste min jasan duen herriak hainbeste min sortzea beste herri bati?
Gizalegearen izkina guztiak apurtu dira Gazan. Minez nago, minez gaude, minez daude gure Gazako anai-arrebak. Aita eta ama medikuak eta hamar seme-alaba. Aita eta seme bakarra geratu dira bizirik, aste honetako azken bonbardaketan. Minez ikusten ditut albisteak telebistan, minez joan naiz kalera zentzugabekeria hori arbuiatzera, eta, batez ere, minez jarraituko dute gure anai-arrebak diren ekialde hurbileko palestinarrek.