Eszenografia ez da kasualitatea izaten horrelakoetan, eta, oso adierazgarria izateaz gain, gobernatzeko eraren zantzu handiak ematen ditu. Harrotasuna, faltsutasuna, bere familiartekoen inguruan estrategikoki kokatutako gizarte sare eta Internet plataformetako munduko ahaldun eta hiperaberatsak, aurpegia ikusten ez zaion emaztea. Ez dit batere sentsazio onik eman, beste askori bezala.
Berehala, Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina etorri zitzaidan burura. Bi pertsona, bi mundu, bi jarrera eta bi izate. Lehendakariak, Gernikako arbolaren azpian, umiltasuna, konpromiso politikoa, gure aurrekoei errespetua eta hunkigarritasuna adierazi zizkien herritarrei. Eta nolako kontestuan! Agirre lehendakariak zin hori egiten zuen bitartean, gure gudariak Elgetako Intxortan ari ziren faxismoari aurre egiten. 1936an lehendakariak erakutsi zuen irmotasun umila eta sendotasuna da nire aukera. Gure etxeko marka hori da. Nolako egurra, halako ezpala.