Obra konplexua; 800 metroko tunela aurreikusten da Kanpanzarren. Debagoienetik Bilbora 40 minutuan iritsi ahal izango gara errepidea amaituta dagoenean; eta garrantzitsuena ez da hori, segurtasuna baizik.
Lehengoan entzun nuen EH Bilduko lehendakarigaia, beste herrialdeetako errepide kilometroekin gure sare "erraldoia" alderatuz. Eta zein da arazoa Euskal Herria egituratu eta segurtasunez komunikatzen bada? Zein da arazoa gure ikasleek joan-etorriak egiteko hori behar badute, gure enpresek lehiakortasunean irabaziko badute? Garraio publikoa hobetuko bada? Erakunde arduretan gaudenok herritarron onerako diren eskakizunak bete behar ditugu, horretarako gaude, eta ez proklama eta kritika politiko hutsak egiteko.
2011n, Bildu Aldundian sartu zenean, Larraitz Ugartek esan zuen Deskarga ez zela egingo. Ba, gero, berak hasi eta hankaz gora utzi zuen. Beste batzuek konpondu eta eraiki dugu; Deskarga hortxe dago, eta "Kanpanzarko autobidea" ere hortxe izango da herritarron mesedetan.