Zure 56 urteetan gorriak pasatakoa zara, zure desgaitasunak aurrera egin zuen ahala. Zurekin eskolan ibilitakoek ondo gogoratzen dute institutuko eskailerak nola igotzen zenituen makuluekin, orduan ez baitzen irisgarritasuna kontuan hartzen.
Bazirudien baldintza okerretan zinela helburu asko lortzeko, baina zure inteligentziak, lanerako gogoak eta zure burua garaile ikusteko adoreak alboan utzi zituzten ezintasun fisikoak.
Burua bakarrik ez zen zure motorra, bihotza ere bai. Familiak eta lagunek maitasunez inguratu zaituzte beti, oso eskuzabala zinelako, sekula kexurik ez zenuelako. Barre eta irribarre ugari ere eginarazi diguzu zure umore eta ateraldiekin. Zure lorpenik handiena familia sortzea izango zen, seguru aski; emazte eta Ane alabaz zein harro zinen!
Zeruan distira handiena duen izar bihurtu zara, eta egiezu argi desgaitasunez bizi diren guztiei, haiek ere pertsona normalak baitira, zerorrek erakutsi diguzun bezala.
Muxu, Ander, egun handira arte!