Azken boladan, botere judizialak eraso ugari egin dizkigu euskal administrazioan euskararen eskakizunak bertan behera utziz. Zenbait alderdi politiko erabat zentzugabekeriaz ari dira hainbeste kosta zaigun gure eskumenei inolako babesik eman gabe Madrilgo gobernuari gure gain jartzeko debalde eskainiz. Adibidez, Andoaingo errepide proiektu baterako EH Bilduk Madrili eskatu dio laguntza, errepideen eskumena erabat Aldundiarena denean; oraintsu, Espainiako etxebizitza legea negoziatu du, eskumena erabat Euskadirena denean.
PSE-EE horrelako jokoetan sartzeak ez nau harritzen, baina EH Bilduk bere burua independentista aitortzea eta gure burujabetzaren aurka horrelako negoziaketak egitea ez dut ulertzen. Gure eskumenak eskubide historikoak dira eta hauek estatutuan eta Konstituzioan jasota daude. Eskumena edukitzeak esan nahi du gu garela gure buruaren jabe eta guk bakarrik hartu ditzakegula guri dagozkigun erabakiak. Independentzia aldarrikatzea ez dator bat gure konpetentzien aurka egitearekin.