Ez ginen aspaldidanik lagun, baina elkarren arteko harreman berezia sortu zen zu alkate eta ni diputatu, hainbeste maite zenuen herrian, Gatzagan, bideratu genituen proiektuen jiran.
Oso gaixorik zeunden, Eugenio, eta aste batzuk lehenago esan genion elkarri agur. Biok genekien ez genuela berriz hitz egingo eta biok jabetzen ginen momentu hura errepika ezina zenaz. Niretzat gordeko ditut bihotzean zuk eskaini zenizkidan azken hitzak, lagun. Nire amak bere heriotzaren atarian esan zigun bezala, "zein zaila den agur esatea!". Biok lotzen gintuen herrigintzak, euskal abertzale izateak eta gauza txikien garrantziaz jabetzeak. Gizon alaia, ona, oso esker onekoa eta sektarismoetatik urrun, denon alkatea zinen. Ez da erraza izango, esango nuke ezinezkoa, zure markara iristea Gatzagarekin izan duzun konpromisoa gainditzeko. Izaten dira, ba, denbora gutxian ezagutu dituzun pertsonak baina sekulako arrastoa uzten dizutenak. Oso gutxitan gertatzen da hau, baina zuk niri izugarrizko arrastoa utzi didazu, Eugenio. Egun handira arte.