Bergaratik Broadway-ra ere izendatu nezakeen artikulu hau, baina Broadwaykoak profesionalak dira eta bergarar artista hauek guztiek ez dute zentimo bakar bat ere kobratzen. Ikasleak, langileak, jubilatuak... bakoitzak bere eguneroko lanak ditu, baina hilabeteetan zehar sekulako esfortzua egin dute ikusleoi opari hau eskaintzeko.
Donostiarrak bergararren aurrean makurtzea lortu izana ere ez da txantxetakoa! Erronka hau nota altuarekin gainditzeaz gain, Bergara Antzerki Musikala taldeak beti egin ohi duen bezala, oraingoan ekarritako aldarrikapena emakumeon ahalduntzearen eskutik etorri da. Maritxuren ahotik kontatzen zaigu Donostiaren sutearen historia, ez gizon baten ahotik, ohikoa den bezala. Sarritan entzuten dugu jendeak egun ez duela konpromisorik hartu nahi, baina hona hemen konpromisoaren adibiderik handiena. Beste modu batera ezingo litzateke horrelakorik egin.
Bejondeizuela denoi. Zorionak eta eskerrik asko!