Geroago, Bergarara ezkondu nintzen, nire bigarren herrira. Ondo ezagutu nituen andereñoak, geroago maisuak eta euskal irakaskuntza eta ikastolen eredu aurrerakoiaren nondik norakoak, baina askoz beranduago jakin nuen nondik sortu zen ikastolen hazia. EAJ barruan sortu zen, Emakume Abertzale Batzaren eskutik.
Emakume haiek oso lan historiko eta garrantzitsua egin zuten, beraien helburu nagusia neska-mutilak euskaraz heztea baitzen. Euskal kultura, ohiturak eta historia euskaraz irakasten hasi ziren, orain 100 urte eta, gainera, berdintasunean, neska-mutilak geletan batera, orduko irakaskuntza espainiarrean ez bezala. Elbira Zipitria zumaiarra izan zen andereño horietako bat, Emakume Abertzale Batzako militantea eta Donostian eta Gipuzkoan, andereñoetan andereño. Eredugarri izan ziren emakume mugimenduan ere, politikari gisa aldarrikatzen zuten euren burua.
Jakin beharko genuke ikastolen eta euskal eskola publikoaren gaurko izana eta irakaskuntza eredugarria nondik datozen.