Iparra, zentzua, bide zuzena, helburua, bizitza gidatzen duen irudia. Oporren ondoreneko etorkizun labur honetan ez dugu ahaztu behar egoera zailak kudeatu beharko ditugula, bai politikariok, baina baita ere norberak bere esparruan.
Erabakiak hartzea ez da erraza izango daukagun panorama aldakorra ikusita, baina erabakiak hartzea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Itsasargiak irudikatzen du beti norabide zuzena zein den. Bakoitzak bere itsasargia behar du beti, noraezean ibiltzeke gidatuko gaituen itsasargia.
Uda honetan itsasargiei begira eman ditut orduak eta lasaitasuna, segurtasuna eta zer pentsatua sortu dizkit. Datozenak zailak izanda ere, ez galdu iparrorratza, ez galdu itsasontziak gidatzen dituen argia.
Ziur naiz hau irakurtzen duen bakoitzak bere interpretazioa egingo duela, eta bati baino gehiagori lagunduko diola gutxienez bere bizitzan geldiune bat egiteko, norbere zilborrari bakarrik begiratu ordez ikusmira zabaldu eta itsasargiaren bidean pentsatzeko. Pertsona bakar batek egiten badu ere, merezi du. Itsasargiak bidea argitu diezazula.