Koronabirusaz inguratuta gauden honetan, 2020. urtea badoa; urte txarra, ez ahazteko modukoa, eta, hori gutxi balitz, zu ere galdu zaitugu, Martin. Zure urtebetetze egunean joan zara, joateko data aukeratu bazenu bezala, isilik, zaratarik egin gabe. Ez zara, ordea, alferrik pasa mundu honetatik; zure barre gozoa, zure grazia, bromak, gure artean geratu dira.
Gazte joateak ez du sekula justiziarik egiten, inoiz inorentzat justiziazkoa bada bizitza galtzea, baina duela bi urte zure zati bat joan zen, gaixotasun ikaragarri batek lapurtu zizun zure izana, zure benetako sena. Ba al dago gauza ikaragarriagorik?
Zure familian sartu nintzenetik beti izan zaitut lagun, beti izan duzu nireganako maitasuna eta izugarrizko errespetua. Lezio asko utzi dizkidazu, baina bat inork baino hobeto ikustarazi didazuna: hain politizatutako gure Euskal Herri honetan, zure ideiak beti garbi defendatu dituzu, baina zure lagunekin harremanetan inolako kolorerik ez zegoen. Eztabaidak, iritzi desberdinak, baina lagunak beti lagun, gauza guztien gainetik lagunak eta familia. Bejondeizula, ez da erraza horrelako adibidea izatea.