COVID-19ak bahituta dauzka erabat gure eguneroko bizimodua, eguneroko berriak eta eguneroko harremanak. Eusko Jaurlaritza berriaren sorrera eta beste berri gutxi batzuk dira egunotan birusaren tartetik burua pixka bat atera dutenak, eta azken aste honetan eskola eta ikastoletako ikasturte hasierak. Umeak, irakasleak, gurasoak, kaleko jendea, telebistetako irudiak; guztiak, ahorik gabeko aurpegi bilakatu dira, eta aurpegia omen da arimaren ispilu... Irribarre bat egitea, ahoarekin muzin egitea, musu ematea edo ume batek jolasean mihia ateratzea sekula pentsatuko genukeena baino argazki eta irudi zailagoak dira.
Ezpainetako margoak ere ez omen dira saltzen… margotzeko ezpainik gabe geratu garelako. Egoerak gu gainditzea baino hobe dugu guk egoera gainditzea, askotan ezinezkoa badirudi ere. Besterik ez bada, begiekin irribarre egiten, begiekin muxu ematen edo begiekin "maite zaitut" esaten ikasi beharko dugu. Mus jokalariek izango dute abantaila begiradaren "artea" ikasi behar dugun honetan.