Lehengoan, azkazalak margotzen, liburu bat irakurtzen, telebistako film bat jarraitzen eta senarrari semearen gorabeherak kontatzen aritu nintzen. Ekintza guztiak batera, aldi berean. Zer egiten zuen bitartean senarrak? Telebista ikusi. Zer gehiago? Telebista ikusi. Zergatik ez zidan erantzuten? Telebista ikusten ari zelako. Telebista ikusi eta emazteari erantzutea… konplikatua.
Gizonezkoek abilezia berezia daukate telebista ikusten ari direnean emazteak esaten duena ez entzuteko, ezta semeak esaten duena ere. Baina kontuz, gurasook seme-alaben aurrean esaten ditugunak ez ditu haizeak eramaten. Joan den astean, 14 urteko semeari, sarritan bezala, esan nion: "Hustu motxila eta ipini mahaia!". Ez zuen bi aldiz pentsatu amari erantzun aurretik: "Ama, ez al duzu, ba, esaten gizonezkook ezin ditugula bi gauza batera egin?" Harrapazak!