Bidean zenbat denbora egingo nuen ez zen erraza asmatzea, horko kamioi, garraio eta pisu handiko ibilgailuen atzetik joatera behartuta baikinen bide luzean. Oroitzen dut egurrez betetako kamioien atzetik aldapa gora joateak sortzen zidan segurtasunik eza.
Oroitzen dut baita ere Deskargatik behera, Antzuolarantz, pieza handiak zeramatzaten kamioien frenoek ateratzen zuten hotsa… eta freno hauek erantzungo ote zuten zalantza eta egonezina. Oroitzen jarraitu eta burura datozkit Antzuolako herriak jasaten zituen milaka kamioi eta ibilgailuak egun osoan, goiz goizetik hasita. Neguko elurteak iristen zirenean ere oroitzen ditut Deskargako murrizketak eta askotan itxierak.
Bergaratik Zumarragara eta alderantziz, Deskargako errepidean barrena ibiltzen ginen gidari eta erabiltzaileok oroitzapen hauek guztiak oraindik oso gogoan ditugu, baina gizonemakumeok gauza txarrak azkar ahazteko joera dugu, batez ere onera eta errazera ohitzen garenean.