Beti esan izan dut legealdi batek lau urte irauten badu ere, politikariok ez genukeela lau urteko epe mugarekin bakarrik pentsatu beharko, baina egia da zaila izaten dela planteamenduak luzera egitea alderdi politiko guztien adostasunik gabe. Beharrezkoa da, ordea, zenbait gai gutxienezko adostasun horiekin kudeatzea, gizartearen onuraren mesedetan. Hezkuntza, osasuna, euskararen bizi irautea eta, nola ez, pentsioak dira, adibidez, denon arteko adostasunetik eta ez liskar politikotik bideratu beharreko gaiak.
Pentsioen kudeaketa, Gizarte Segurantzarena, aspaldian behar genuen Euskadiko erakundeen esku, baina badakigu Espainiako aginte desberdinek transferentzia hori behin eta berriz ukatu digutela. Gauzak bestelakoak lirateke pentsioen kudeaketa gure esku egongo balitz, baina hori iristen ez den bitartean Toledoko Paktuan erabakitakoa ezarriko digute. KPIaren araberako urteroko igoera adostu da oraingoan eta ongi etorria bedi, baina lan asko dago egiteko oraindik pentsioak bermatu eta jende askori duintasuna bueltatzeko.