Gure eguneroko ogi bihurtzen ari da argazki hau, zoritxarrez, baina badirudi honek ez duela akaberarik. Afrikako herrialdetatik datozen pertsona hauen bizimodua nolakoa izango den ez dugu urrundik ere ezagutzen, beraien bizitza eta are gogorragoa den besoetan eta sabelean daramatzaten haurren bizitza modu horretan arriskuan jartzerako zenbat kalamidade eta etsipen pasa ote dituzte?
Argazki honen atzean gizakiaren aurpegirik beltzena dagoela ere ezin uka: pertsonen trafikoa Libiatik. Drama hau guztia Europaren ezintasunaren ispilu bihurtu da. 2014tik, 15.000 hildako izan dira itsasoa zeharkatzen hasi eta beraien ametsak betirako hondoratuz.
Salvini izan da oraingoan, Italiako presidenteordea, 629 pertsona itsasoaren noraezean utzi dituena. Lehenengo Espainian, gero Grezian eta orain Italian dago fokua, baina zertan ari dira Frantzia eta Alemania? Solidaritate izpirik ez izateaz gain, kezkagarria da zenbaitek, gainera, domina bularrean zintzilikatzea.