Egun, Gipuzkoako autobideak erabiltzeagatik baditugu deskontuak eta Abiatu txartela ateratzen duenak 29,43 euro ordaintzen ditu, gehienez.
Urtarriletik aurrera, beste deskontu garrantzitsu bat jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegiren bitartez. Kasu honetan, Bilbora eta Gasteizera joanetorriak egiteko, gipuzkoarrok, Gipuzkoatik kanporako ibilbide hauek, gehienez, 45 euro ordainduko ditugu. Gipuzkoatik Bizkaira edo Gasteizera AP-8 eta AP-1etik egunero lanera, ospitalera edo ikastera joaten den gipuzkoar batek, gehienez, 75 euro ordainduko ditu, 30 euro Gipuzkoa barruko ibilbideetarako eta 45 euro beste lurraldeetarako.
Bost egunetako joan-etorri horietan izango duen aurrezkia handia izango da: Bilbora 1.591 eurokoa urtean eta Gasteizera 372 eurokoa. Debagoienean harreman berezia dugu, gainera, batez ere, Gasteizekin, Gipuzkoa osoarekin alderatuz.
Neurri honi esker, Euskal Erkidegoko lurraldeak gehiago hurbilduko dira eta gure arteko harremanerako oztopo ekonomiko bat arindu egingo da.