Zoritxarrez, printzipio demokratikoari protagonismoa kendu dio bata bestearen atzetik etorri den galdera andanak: bozkatu ahal izango dute? Nola banatuko dituzte boto-paperak? Mossoek galaraziko ote diete kataluniarrei bozkatzea? Puigdemont atxilotuko dute? Azken finean, gauza guztien gainetik gailendu dena inguruko parafernalia da.
Katalunia herri bat dela ezin uka, Euskal Herria bezalaxe, eta han nahiz hemen erabakitzeko eskubide osoa dugu eta hori ezin da zalantzan jarri, ez abertzaleak garenok aldarrikatzen dugulako, printzipio demokratiko bazter ezina delako baizik. Katalunian aukeratu duten bidea hobea edo okerragoa izan daiteke, baina beraiek aukeratu dute horrela egitea. Asko entzuten ari gara Konstituzioaren 155. artikuluaz, autonomia etenda uzten duen artikuluaz, baina Espainiako Konstituzioko 8. artikuluak dio ejertzitoa dela Espainiaren batasuna bermatuko duena, eta ejertzitoa Katalunian sartuko den edo ez ikusteko dago, baina onartezina da estatu demokratiko batean horrelako artikulurik egotea. Ni, kataluniarrekin bat: votarem!