Emakumea izatea tokatu zait, hala jaio nintzelako, baina nire burua ez dut sekula gizonezkoarena baino gutxiago ikusi. Badirudi Martxoaren 8a iristen den bakoitzean denak garela emakume, eta emakumearen izena eta izana aldarrikatu behar direla. Lehiaketa moduko batean murgiltzen gara, ea nork egin duen berdintasunaren aldeko ekitaldirik jendetsuena, kolorez moreena, deigarriena, edo nork daukan gai honetan pedigririk handiena!
Politikoki ere "erabiltzen" den kausa bat da eta negargura ematen dit honek, diru laguntza gehiago jarri behar direla honetarako, alderdi guztiek ez dugula proposamen baten inguruan adostasunik lortu... nahikoa da! Aspertu naiz aurtengoan, behintzat. Neure kabuz zer egin dezakedan pentsatzen hasi naiz, Whatsapp, gizarte sare eta gailu guztien gainetik neure ingurukoetatik hasita, elkarrekin errespetuan nola hezi eta nola bizi asmatzen ote dugun. Hitz modernoagoak erabili ditzakegu, baina oso sinplea da: pertsona guztiok elkarri errespetua izango bagenie eta guztiontzat hezkuntza izango bagenu, akabo desberdintasunak.