Ailan umetxo siriarra ur ertzean hilda ikusi behar izan du Europak gerratik ihesi datozen errefuxiatuen dramaz jabetzeko.
Europako estatuek ez dute mailarik erakutsi, eta pertsona horien duintasuna hutsaren hurrengoaren pare jarri dute.
Estatuak beraien artean zipoka dabiltza bakoitzak onartu beharreko kupoa zein izango den benetako premiei muzin eginez. Bitartean, furgoneta eta kamioikadak hildakoekin, itsasoak hilotzez gainezka, zer ez dugu entzun! Baina ikusten ez dugun bitartean…
Umearen hilotzaren irudiak astindu gaitu, irudi batek astindu gaitu, milaka hildakoren eguneroko berri txarrak entzungo ez bagenitu bezala.
Zer pentsa ematen dit horrek.
Gerrak, hilketak, pertsonen eskubide urraketak denboraren makinan gizaldi batzuk atzera bota eta berriz ere Ailanen aurpegia irribarretsu ikusi nahiko nuke, baina orduan argazki hori ez litzateke notizia izango, ez luke 1.000 hitzek baino gehiago balioko.