Etxafuegoaren hotsarekin batera udal bandaren doinua eta jendea dantzan. Horretan nengoela, Bergarako jaiei hasiera emateko lagun eta familiartekoekin giro onean, bat-batean kea ikusi genuen gure atzean, udaletxe ondoan, Biltoki gainetik, ke laranja. Aldarrikapen laranja egiten zuen pankartaren osagarri ke laranja. Bat-batean, plaza erdi-erdian ginenak ezin arnasarik hartu, ezin metro erdira genuena ikusi, jendea plazatik ihesi, umeak beldurtuta negarrez... Udal bandak berak ere doinua jotzeari utzi behar izan zion lehenengo aldiz.
Horrelako jendartea arriskuan jartzea, edozer gauza pasatzeko trantzean jartzea, hori, libre al da? Festa giroan hasi genuena tamalezko ezuste bihurtu zuten pertsonen gainetik, umeen gainetik, bergararren gainetik jartzen direnek. Alkateak, gobernuko zinegotziek, udaletxeko balkoitik ikusi eta behatz bakar bat ere mugitu ez! Herritarrak arriskuan jartzen dituen aldarrikapenak zilegitasun osoa galtzen du.
----------
Aintzane Oiarbide
(Bergarako zinegotzia)
Bergara