Lehenengo, erabakia gehiengoaren aurka hartu delako, herritarrak errespetatu ez direlako.
Bigarrenik, gure kaleak geroz eta zikinagoak daudelako.
Hirugarrenik, izugarrizko zuloa uzten ari delako gure udaletan erabat defizitarioa eta garestia den bilketa sistema hau. 2015a ere gai berarekin hasi dugu. Errege ondoren honetan, sekula baino gehiago ari da jendea atez atekoa dela-eta galantak esaten. Baina gehienek ez dakiten datu batek kezkatzen nau erabat: Bergaran, Oñatin, Antzuolan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan biltzen den materia organikoaren ibilbideak.
Konposta egiteko azpiegiturarik ezean, guk etxean kontu handiz banatzen dugun materia organikoa ez da inolaz ere konpostatzen, Nafarroako Funesera edo Itsasoko zabortegira joaten da osorik. Zabortegira, bai, gainontzeko errefusarekin eta zaborrekin batera. Hau guztiau, ingurumena kutsatzen duten milaka kamioikadatan atzera eta aurrera errepideetan garraiatuz.
Urte berri honetan ere hau izango da gure alkateen eta Diputazioaren lehentasuna eta tinko eutsiko diote horri, ez hanka eta ez buru ez baditu ere.