Euskaldunak hara begira egongo gara galdeketan zer gertatzen den biziki itxaroten… Londresko gobernuak "arriskuan" jarri du Britainia Handiko "batasuna", ez baitaki inork erreferenduma pasa arte zer gertatuko den.
Hasierako inkestek unionisten aldeko emaitza argia ematen bazuten ere, badirudi azken inkesten arabera bi aldeak, Britainia Handian jarraitu nahi dutenak eta Eskozia nazio izatea nahi dutenak, nahiko berdinduta leudekeela eta azken egunotan kanpaina latza egiten ari dira Cameron eta Brown Eskoziak ez lukeela bideragarritasunik pentsioekin ezta Osasun zerbitzuekin…
Antzeko argumentuak erabiltzen dituzte unionista eta espainolistek, beldurraren argumentuak. Londresek hartu duen "arrisku" hori, ordea, ez du Madrilek Katalunian edo Euskadin hartu nahi. Londresek, unionistetan unionistena izanik, eskoziarren erabakitze eskubidea errespetatuko du, eta hori da gure bidea, hori da Madrili eskatu behar dioguna, bi berdinen arteko errespetua. Eskozia eskoziarrek nahi dutena izango da eta, oraingoz, besterik ez bada, egin dezagun amets Eskozia aske batekin.