Gogoan dut gaztetxo nintzela, 80ko hamarkadan, nola joaten nintzen gurasoekin Bilboko kaleetan zehar manifestaldi baketsuak egitera autodeterminazioa, erabakitzeko eskubidea, kontzertu ekonomikoa, euskal hezkuntzaren esparrua eta abar aldarrikatzera.
Gogoan dut Ibarretxe lehendakariak nola defendatu eta aldarrikatu zuen euskaldunon erabakitzeko eskubidea Madrilgo Kongresuan 2005eko otsailean Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren mandatuz.
Orain berriz Gure Esku Dago ekimenaren bitartez milaka euskaldunek aldarrikatu dute erabakitzeko eskubidea. Eman du zer esanik eta emango du oraindik ekimen ikusgarri honek, baina erabat baztertu beharreko arriskua alderdikeria da. Erabakitzeko eskubidearen aurka nahiz alde egon, alderdi politikoen gainetik egon behardu ekimen honek, horrela bakarrik izango du guztientzako legitimitatea eta horrela izango da geldi ezinezko indarra.
80ko hamarkadatik hona geroz eta gehiago gara erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun euskaldunak eta hau ukatzen digutenek ezingo dituzte belarriak itxi denbora luzez.