Milaka pertsona hil dituzte terrorista hauek; pertsona pobreak denak, bizia besterik ez daukaten pertsonak, eta indarkeria eta fundamentalismoa banderatzat hartu eta Nigeriako bere anai-arrebak akabatzen dabiltza etengabe.
Indarkeriak ez dauka sekula justifikaziorik, inor ez baita besteren biziaren jabe. Tristura eta mina ematen dizkidate egoera hauek eta badirudi gure etxeetatik hain urruti gertatzen delako, Nigerian, Afrikan, hirugarren munduan, baditugula gure artean gauza garrantzitsuagoak. 200 neskatila bahitu dituzte oraingoan, sexu bortxakeria eta indarkeria hizki larriz idazteko moduko zorigaitza. Beharbada, neskatila hauek ez dira emakume egingo, jaiotzerakoan eme jaio zirelako, hori da beraien bekatu bakarra.
Emakumeon aurkako bortxakeria eta indarkeriari aurre egiteko inolako tresnarik eta babesik gabeko neskatila hauen etorkizunik ezak bereziki kezkatzen nau, baina tristeena da 200 neskatila berri mediatiko bihurtu bada ere, beste 200 eta askoz gehiago ere badirela munduan egunero horrelakoak jasan behar dituztenak.