Zero zabor izenburupean azaltzen du orain urte eta erdi berak hondakinen kudeaketari buruz idatzitako artikuluaren ondorioz Oñatiko Zero Zaborrekoek egin zioten bisita. Berak idatzitakoa kritikatzeaz gain gaiari buruz gehiago ez idaztea eskatu zioten, nonbait beraien tesientzat ez zen komenigarria. Ez hori bakarrik, Goienako kolaboratzaile batek prentsako alean zutabe bat zuelako kontuak eskatu zizkioten. Seguru aski kolaboratzaile honek idazten zuena ere ez zelako beraien gustukoa izango.
Zer gertatu da gure herrian iritzi pertsonal bat azaltzen duen norbaiti horrelako presioa egiteko? Nortzuk dira Oñatiko Zero Zaborrekoak Goienan nork idatzi behar duen eta ez duen erabakitzeko? Zentsura beste garai bateko kontua zela uste nuen. Norberaren ideiak, tesiak eta planteamenduak defendatzeko argumenturik ez dutenek beste batzuei ahoa ixtea dute helburu. Defentsa kaskarra! Inposaketaren eta presioaren aurrean nahiago dut askatasuna. Adierazpen askatasuna eta pentsaera askatasuna galtzen baditugu, gureak egin du. Makiavelorekin ez nator bat: helburuak ez ditu horra iristeko tresnak justifikatzen.