San Antonioko izkinak dardarka utzi zenituen joan den igandean, zure bihotzak azken taupada eman zuenean. Zumelagako jangela atseginean, zure etxean, makina bat une goxo pasa dugu, baina nork esan behar zuen zure amaiera bertan izango zela! Gogoan dut nire seme Beñat jaio zenean "hau Martzial da" esan zenuela, "San Martzial egunean jaio eta ze izango da ba!" Umore fina eta barretxo txikia, abestea zenuen atsegin, Tiriki trauki hiru ta lau dira zazpi… Lagun eta umeekin maitekorra, begiekin guztiei egiten zenien irri. Zure bihotzak 52 urte besterik ez dizu eman… seguru aski, bularrean lekurik ez zuen bihotz potoloa zenuelako. Potolo, handi eta maitasunez gizendutako bihotza. Zure bizitzaren errelatoan bera izan da zure gorputz argalaren protagonista. San Antonion izan zen errelato horren hasiera, Deba ibaiaren ertzean. Manu, Iñigo, Txuso, besteak beste, eta zu, Adrian, hantxe aritzen zineten jolasean gustura. Orain zure lagun minen malkoek bat egingo dute errekako urekin. Musu handi bat, Txelen, San Antonioko errekari begira oroituko zaitugu.