Nire idatzian jartzen nuena berretsi egiten dudala esan nahi dizut. Ez dut uste errauskailuari aurka egiteko minbizia bezalako gaixotasun bat une oro ahotan ibiltzeak eta "bosgarren edukiontzia = kantzerra" jartzeak errealitatearekin zerikusirik duenik. Jakizu jende asko ari dela gaixotasun hau sufritzen eta kalean horrelako kartelak eta pankartak ikusteak sufrimendua areagotzen diola. Halaxe esan dit bergarar batek baino gehiagok. Zuek ikusiko duzue zer lortu nahi duzuen kanpaina hauekin.
Europa osoan herrialde aurreratuenetan egiten dituzten hondakin tratamenduek, itxura denez, ez diote osasunari horrelako kalterik egiten, baina hemen erabat demonizatu duzue gaia. Esan nahi dizut Europako zenbait herrialde aurreratutan atez ateko sistema badutela, baita beste sistema batzuk ere, baina, halere, birzikla ezin daitekeena erraustu egiten dute. Zer egin behar duzue zuek birzikla ezin daitekeenarekin? Gipuzkoa osoan zabortegi berriak eraiki harrobietan, edo gure zaborrak esportatu? Zabortegiak dira gehien kutsatzen duen sistema, zalantzarik gabe, eta horregatik debekatu ditu Europako Batasunak. Zer deritzozu horri?
Nik ez dut nahi belaunaldietarako, gure seme-alaba eta bilobentzako erreka, mendi eta basoak kutsatzerik. Horrela dio Europako zuzentarauak, hondakin gutxiago sortu, berrerabili, birziklatu eta birzikla ezin daitekeena balorizatu (erraustu) eta energia edo argindarra atera.Ez dut nik esaten, Europako zuzentarauek baizik. Hortik aurrera muntatu duzuen zirkua, atez atekoa errauskailua ez jartzeko aitzakiarekin (eta batak ez du bestearekin zerikusirik), kantzerraren izena herriari beldurra sartzeko eta antzeko kanpainek zuen urduritasuna ezkutatu nahi dute. Bularra atera eta "gu inor baino ekologistagoak gara" eta "guk beste inork baino indar gehiago daukagu jendeari beldurra sartzeko", "gu gara herriak kartelez betetzeko gehien mobilizatzen garenak" pentsatzeak ez dizue arrazoia emango.
Bergaran nabarmena da atez atekoaren aurka dagoela herriaren gehiengoa. Ia 5.000 sinadura eta balkoiak zintzilikatutako poltsaz beteta. Jende horrek guztiak ez al du eskubiderik atez ateko sistema baztertzeko eta birziklapena bosgarren edukiontziarekin egiteko? Ez al zaizue axola Herriaren hitza? Fragarekin konparatu nauzu zure azken erantzunean, eta ez diot inolako komentariorik egingo honi. Edonor konturatuko da zure noraeza noraino iristen den. Niri erantzutera prestu eta azkar ateratzen zara. Nire pertsonarenganako gorroto puntu batekin beti. Gaur egungo arazo ekonomikoak, politikoak eta edozein gaitakoak elkarrizketaz konpondu edo, behintzat, hobetzen dira.
Badira hilabete batzuk kafea hartzera gonbidatu zintudala aurrez aurre hitz egin eta eztabaidatzeko. Kafearen gonbita indarrean dago oraindik.
--------------------
Aintzane Oiarbide
Bergara