"Jon Iturberi erantzuna"

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Oiarbide 2013ko urt. 2a, 01:00

Bidegiren zorrari buruz eta EAJk urteetan egindako azpiegitura erraldoien...

... politikaz aritu zinen joan den astean. Esan behar dizut informazioa kontrastatzea komeni dela iritzi bat eman aurretik, eta nabaria da zuri hori falta zaizula. 

Jakin beharko zenuke 900 milioi euroko zulorik ez duela Gipuzkoako Diputazioak errepideekin, ez duela ere zuk esaten duzun desfasea. Hasteko, Diputazioak ez du zor hori, Bidegik baizik. Bidegi sortu zen autopisten ordainarekin errepideetan inbertsioak egin eta mantenua ordaintzeko, Diputazioaren aurrekontutik kanpo. Hau da, autopista erabiltzaileek ordaintzen dituzte inbertsioak, ez gipuzkoar guztiek. Gainera, aurreko legealditik, gipuzkoar erabiltzaileontzat deskontu edo hobari desberdinak izan ditugu eta gaur egun, 25 euro inguru ordaintzen ditugu gehienez AP-8a eta AP-1a. Egin diren azpiegitura garrantzitsuak generazio askotarako egin dira, ez hamarkada baterako. Azken urteetan egin den Gipuzkoako biribilgunea, AP-1, Donostiako 2. Ingurabidea, Beasain-Bergara (Deskargako tunela barne), guztiak dira Gipuzkoa eta Euskal Herria bertebratzeko beharrezko azpiegiturak. Batez ere, gure bailararentzat beharrezkoak. Gipuzkoarron bizitza kalitatea eta segurtasuna bermatzeko aurrerapauso handia eta esfortzu handia egin da. Hau guztia ez da zuloa, inbertsioa baizik. Hori guztia poliki ordaintzen ari da Bidegi, eta ez du izango inolako zailtasunik gaurko kudeatzaileek ondo kudeatzen badute. Hartu diren erabaki guztiak txosten juridiko eta teknikoetan oinarrituta daude. Bestalde, Batzar Nagusietako alderdi guztien oniritziz onartutako proiektuak izan dira, gehienak aho batez, eta bertan zeuden gaur egun EH Bildun dauden Aralar eta EA ere. Guztiak zeuden Bidegiren administrazio kontseiluan eta informazio guztia jaso dute denek. Gestio txarra eta delituak ere aipatzen dituzu. Honen aurrean esango dizut Euskal Kontu Epaitegiak ez duela gestio txarrik aipatu ere egiten, Batzar nagusietan izandako aurreko agintarien agerraldietan alderdi guztiek babestu dituztela emandako azalpenak eta Bildu bakar-bakarrik geratu dela. Delituei dagokienez, datuak baldin badituzu, aurrera, jo ezazu epaitegietara. Salaketa larriak dira edozein modutan botatzeko.

--------------------

Aintzane Oiarbide

(Batzar Nagusietako EAJko batzarkidea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak