... liskarra besterik ez du sortu. Ez dauka Diputazioak gai honetan gobernatzeko ibilbide argirik, esango nuke nora eza dela nagusi. Baina helburua oso argi dauka: EAJren aurkako etengabeko kanpaina egitea.
Egia da Bidegik zorrak dituela egin diren beharrezko azpiegiturak ordaintzeko ondorioz. AP-1, Donostiako Bigarren Ingurabidea, Beasain-Bergara (Deskargako tunela barne) autobidea… Baina zor hauek ordaintzeko ez dauka inolako arazorik Bidegik, ardura duten politikariek elkarte publiko hau ondo kudeatzen badute. Bere mekanismoak ditu trafikoak jaisten badira diru iturriak bermatzeko. Behar dena da ondo kudeatzea, ez urte eta erdian beste aldera begiratu eta liskar politikoari su ematea EAJ kaltetu nahian. Gezurra da gizarte politiketako dirutik kendu beharko dela errepideak ordaintzeko. Ezker Abertzalearen estiloa dugu horrelako mehatxuak egitea gobernatzeko inkonpetentzia estaltzeko. Gogora dezagun Ugarte andreak legealdi hasieran zer zioen: peajerik ez eta Urretxu eta Bergara arteko autobideko obrak geldituko zituela. Orain peajeak leku guztietan jarri nahi dituzte eta EAJk udaletxeetan eta Batzar Nagusietan mozioak aurkeztu zituen Deskargako obrek aurrera jarrai zezaten. Lortu genuen Urretxutik Bergararako obrekin jarraitzea. AP-1aren inguruan ere Ugarte andrea, urte eta erdian, autobide hori ez zela beharrezkoa eta inork ez duela erabiltzen esaten aritu da bazter guztietan. Joan den azaroaren 13an, Batzar Nagusietan, AP-1 eta A-8a Ugarte andreak inoiz ez bezala defendatu zituen esanez gipuzkoarrek eskubide osoa dutela bide seguruetan eta baldintza hobeetan ibiltzeko. Gipuzkoan dugun desorekarik handiena egunero Gipuzkoa zeharkatzen duten milaka kamioi N-1ean ordaindu gabe ibiltzea da. Gipuzkoarrok bakarrik ordaintzen dugu bide horren mantenua gure zergetatik.
Ugarte andreari esango nioke has dadila lehenbailehen kanpotarrei kobratzen, Europa guztian egiten duten bezala, eta ez dadila setatu gipuzkoarroi bidesari eta zerga berriak kobratzen, hori baita Bilduk ezkutatzen duen asmoa.
--------------------
Aintzane Oiarbide
(Batzar Nagusietako Errepide Batzordeko EAJren bozeramailea)
Bergara