"Goienako zuzendaritzari protesta"

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Oiarbide 2012ko aza. 15a, 01:00

Joan den urriaren 19an, hauteskunde kanpainaren azken egunean...

... Goienak erabateko protagonismoa portadan aurreratu gabeko gaiari eman zion bi orrialde osorekin: Atez ateko zabor bilketa sistemaren onurak gure bailaran. Aukeratutako formatua, erreportajea. 

Zabor bilketa sistema berri honen defentsa sutsua egiten zen inoren ahotan ezer jarri gabe. Mankomunitatea aipatzen zen, ingurumen ordezkariak... Egiten zen kontakizuna publi-erreportaje baten parekoa da: Zerbitzu berriak, Onura ekonomikoak, Lanpostuen sorrera, Tratamendu gutxiago, Berezko diru-sarrerak, Hiru milioi euro alde, Errauskailua = 400 milioi, Birziklapenerako onurak, Arazoa eta irtenbidea eta Herritarren parte-hartzea. Hau gutxi izango balitz, lauki batean fitxa agertzen da: Atez atekoa vs 5. edukiontzia + errauskailua. Erdi-erdian kontenedore edo edukiontzien argazkia... Non dago zintzilikarioen argazkia? Erreportajea borobiltzeko kalifikatzea zaila den diagrama parea, eskualdearekiko fluxu ekonomikoez, kostuez... Inork ba al daki nondik atera diren zenbaki eta erlazio hauek? A, eta nola ez! Bideragarritasun ekonomikoari buruzko beste laukitxo bat... Iturria: Mankomunitatea. Erreportaje hau, behin eta berriz, gaur egungo bilketa sistema zapuztuz eta konparatuz aritzen da, baina edukiontzien sistemaren defendatzaileen iturrietara ez da gerturatu ere egiten. Ondo dakigu guztiok atez ateko sistemaren aldeko bandera politikoa Ezker Abertzalearena dela. Herriari inposatu nahi diotela herriak honen aurka milaka eta milaka sinadura jaso baditu ere. Eta hauteskunde kanpainako azken egunean, erantzuteko ere denborarik gabe, denborak ondo kalkulatuta eta beste iritziekin inolako kontrasterik egin gabe, ez eta ematen diren datu guztien kontrasterik egin gabe ere... Goiena, EH Bilduri kanpaina eginez, kazetaritzan behar den erabateko etika eta praxiaren aurka! Goiena taldea osatzen duen ekimena sortu zenean ez al zen batik bat bailarako informazioa euskaraz emateko jaio? Ez al zen behar soziolinguistiko bati erantzuna emateko jaio? Gure iritziz, ez diozue inolako mesederik egin hauteskundeekin nahasten. Gai guztiak inpartzialtasunez jasotzea eskatzen dizuegu, are gehiago, gizarte osoari eguneroko bizitzan eragiten dion zabor bilketa sistema bati buruz ari garenean. Eta ez ahaztu bailara honetan 17.000tik gora sinadura jaso direla jadanik sistema honen aurka. Hauetariko asko Goienaren irakurleak izango dira, zalantzarik gabe. Guk, EAJk, iritzi desberdinak defendatzen ditugu, iritzi askatasunaren alde egongo gara beti. Baina horrelako manipulazio eta alderdikeriarik ez dugu inolaz ere onartuko. Nahikoa politizatu da zaborren gaia eta ez diozue mesederik egiten hauteskunde kanpainako azken egunean honelako erreportajea argitaratzearekin. Kanpaina bukatu da, baina zaborren arazoak gure artean jarraitzen du. Iritzi guztien berri ematea eskatzen dizuegu, eta horrelako gertaerak betiko baztertzea.

---------------------

Jose Migel Uribarren, Victoriano Gallastegi, Arantza Akizu, Basili Ormazabal, Mikel Lete, Juan Karlos Garitano, Aintzane Oiarbide, Lourdes Idoiaga, Mikel Uribe Etxebarria, Aitor Urrutia eta Patxi Basauri eta Mikel Iturrospe

(Debagoieneko EAJ-PNVren izenean)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak