Hauxe izan da aste honetako argazkia. Inbidia pixka bat ematen didala ezin uka! Aldarrikapen honen oinarrian dagoen arrazoia benetako identitate sentimendua bada ere, azken hilabeteotan agerian geratu den Kataluniako arazo ekonomiko larriak behartu du jendea aldarrikapen hau, momentu honetan, egitera. Euskadiko Kontzertu Ekonomikoari esker, 30 urteotan, euskaldunok gure zergak bildu eta guk kudeatu ditugu. Orain 30 urte alderdi politiko batzuek aldarrikatu eta bultzatu zuten tresna hori berreskuratzea. Ikusi besterik ez dago ze zerbitzu ditugun Euskadin osasun gaietan, gizarte laguntzetan edo hezkuntzan, besteak beste. Baina ez gaitezen sinplekerian erori. Espainiako Estatuak ere badu kontzertu ekonomiko propioa, baina ez dio guri bezala funtzionatu. Tresna edukitzea oso garrantzitsua da, baina ondo kudeatzen ez bada, alferrik! Burujabetza eta ekonomia erabat loturik daudela ukaezina da. Euskadik bere burujabetza lortzeko ekonomia eta industria oinarri sendoak beharko ditu. Ez da gutxi gehienok diagnostiko bera partekatzea, baina nola egin behar den oso argi eduki behar da.