... elkarrizketa bat egin diote. Bertan irakur dezakezunez, errauskailua ez omen da txarra eta berak ez omen du sekula esan toxikoa denik, dio. Ezker Abertzaleko erreferente nagusienetako batek esan du hori! Zertan ari gara orduan, Ander? Errauskailuaren aurkako kanpaina guztiak eta argumentazio guztiak erori zaizkizu bat-batean! Ikusten dut nire idatziari azken erantzuna eman diozunean, euren interesak defendatzen ditugula diozun enpresetatik bat kendu duzula... Altuna y Uria, hain zuzen... sobran omen dago Inaxio Uria ETAk erail zuela bere enpresa AHT eraikitzen ari zelako esatea. Ez dut polemiketan sartu nahi, Ander, baina Inaxio Uriaren familia, lagun eta ezagun guztiei errespetu pixka bat zor diozula uste dut. Herri honetan eraildako guztiei bezalaxe. Hemen sobran erailtzaileak daude.
Zure idatzian diozu hamarkadetan inposizioa sistematikoki ezarri duela EAJk. Hala uste baduzu eta EAJk zenbait gaietan kontsultarik ez egitea gaizki baderitzozu, zer iruditzen orain Bilduk galdeketak baztertzea? Besteok gaizki egin dugula eta, Bilduk ere gaizki egiteko argudioa hori al da? Non geratu da Ezker Abertzalearen Herri Partaidetzaren bandera?
Bestalde, Ander, apokalipsia, inposizio sistematikoa eta horrelako hitzak erabiltzea oso atsegin duzula dirudi. Nik gauza bat proposatzen dizut: tolerantzia, errespetua, eztabaida, akordioa, zure hiztegian sartzea. Seguru asko, Gipuzkoan bizi dugun tentsio politikoa asko lasaituko litzateke. Jendeak, gobernuan, udaletxeetan, Diputazioan daudenek arduraz jokatu eta euren arazoak konpontzea besterik ez du nahi. Zabor bilketa sistema bat desegokia iruditzen bazaio, bere iritzia kontuan hartzea, eta gehiengoaren iritzia baldin bada, are gehiago. Eta gipuzkoarrok batez ere orain eskatzen duguna, krisiari aurre egitea, langabezian daudenentzat lana sortzea, gure herriaren erabakitze eskubidean aurrerapausoak ematea eta benetako bakea lortzeko indarrak gordetzea da.
Bergaran kafea elkarrekin hartzeko gonbidapenari muzin egin diozu, nahiago omen duzu Antzuolan, atez atekoa ezagutzeko. Ondo ezagutzen dut antzuolarren iritzia, batzuk alde besteak kontra, eta baita antzuolar askoren ohiturak ere, Bergarako edukiontziak lepo egoten baitira San Antonio, Martokua eta inguruko auzoetan. Aseginolaza tailerreko (Antzuola eta Bergara tartean dagoena) edukiontzia ere aspaldian kendu zuten egunero lepo eginda zegoela eta. Ez goaz inora jendea horrela behartuz. Birziklapenean aurrera egin nahi badugu eta gipuzkoarrok zabor gutxiago sortu eta behar bezala sailkatzea nahi badugu bide bakarra dago: heziketa eta kontzientziazioa.
Azkenik, kafea nahi duzun tokian hartzeko prest nagoela esan nahi dizut. Bergaran oso kafe ona leku askotan dago, baina Antzuolakoa ere ez da txarra izango.
---------------------
Aintzane Oiarbide Bergara