Fragaren hiletaren pausoak ez dira eskasak izan: komunikabide guztietan, hiru egunetan zehar aritu dira hileta, elizkizunak, ehorzketa… gau eta egun azpimarratzen. Estatuko heroia balitz bezala omendu dute eta guk… hori dena tragatu behar!
Francoren garaiko ministroa, Euskal Herriaren etsai porrokatua izan da "tipo" hau.
Gure aitona-amonek edo aita-amek sufritu zituzten Francok sortutako gerra eta ondorioak. Zenbat gudari hilda! Jainkoak daki zenbat zulotan desagertuak! Zenbat jende atzerriratua, espetxeratua eta mehatxatua! Gure gudari abertzaleek eta gure familiek jasan dituzten mixeriak jasan eta gero, frankista porrokatu honen omenaldia ikusi behar! Caballero de España, eta txapelgorrien itzala luzea da. Ez dira gu kiskali, zapaldu eta erail gaituzten denak desagertu oraindik. Baina gure memoria ez da inoiz akabatuko eta jendilaje horren seme-alaba eta biloba asko gure artean dira. Basati hauen ondorengoek ez dute aurrekoen errurik, baina betidanik abertzale izan garenoi leziorik emateko eskubiderik ere ez.
Bihoakie nire omenaldia Fraga sufritu zuten gudari haiei.