Hala defenditu du beti EAJk. Demokrazia kontua delako. Orain gure esku dago botoaren indarra baliatzeko.
Bakeak irabazi behar du eta bakea irabazi behar dugu igandean. Gizalegea urratuta dago hainbeste urtetako indarkeriagatik eta tentsio politikoagatik. Udalen erantzukizuna izango da bakezkoak egiten hastea, errespetua eta elkarrizketa landuz bizikidetza berritzeko. EAJko hautagaiok gure onena emango dugu horren alde.
Euskadiko bakea politikoa ere bada. Herri bat gara eta herri-eskubideen jabe. Arrasate, Oñati, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Elgeta eta Antzuolan herritarrek Euskadiren erabakitzeko eskubidearekin bat egin dezaten lan egingo dugu EAJko gizon-emakumeok. Demokraziaren eta bakearen bidetik, beti egin dugun bezala.
Gure etorkizuna ikuskizun dago. Euskadi eta euskal erakundeak zenbat eta burujabeago, orduan eta erabakimen handiagoa guk guztiok. Funtsezkoa dugu Debagoieneko udalak eta Diputazioa gure esku izatea, euskal kultura, ekonomia, gizarte-politika bereziak egiteko. Aldea dago nork agintzen duen. Ez dugu inola ere Espainiaren antzera ibili nahi, langabezian itota, zorrak janda, politika noraezean. Horra sozialisten eta popularren bidea. Aldiz, esan dezakegu PNV dela sinesgarria eta fidagarria, serio lan egiteko gauza udaletan eta Diputazioan, herritarrekin eta gizarte-eragileekin batera.
Asko dago jokoan. Gipuzkoan nork aginduko duen erabakiko dugu: PSOE-PP fronteak edo EAJk eta abertzaleok, Markel Olano buru dela. Etxean geratuz edo abertzaleok barreiatuz ez gara urrutira joango, indar hartuko baitu PSOE-PP fronteak. Batuta behar ditugu botoak. Euskadiren bakeak eta erabakitzeko eskubideak hari luzea eta sendoa behar dute, EAJ-PNVren matazatik ateratzen dena. Hala izan da urteotan. Zuk eman diozu indarra, zure botoak. Orain ere, zure botoa EAJrentzat.
---------------------------------
Aintzane Oiarbide
(Debagoieneko zerrendaburu guztien izenean)
Bergara