Okerrenean egonda ere ba omen dugu optimista izateko arrazoirik. Gutako gehienok dugu egoera berrietara egokitzeko gaitasuna. Kasu ezkorrak ugariak dira gure artean: familiarteko edo kuttunen baten heriotza, gaixotasun larriak, lan falta, lan edo eskola porrota, bakardadea, atzerrian bizi beharra, Japoniako arrisku nuklearra, Gadafiren sarraskia… Zerrenda luzea da, baina jasangaitz hauek arintzeko derrigorrezkoa da etorkizuna itxaropenez ikustea eta arazoek irtenbidea izan dezaketela jakitea. Beti dago arrazoiren bat aurrera egiteko.
Optimismoak fama txarra omen du Europan. Filosofoen izpide gogozkoenak ezbeharrak, gizakiaren mixeriak izaten dira. Norberak izan behar du bere egoeraren jabe… eta horretarako, Rojas Marcosen esanetan, sentimenduei hitzak jartzea da onena, emozio ezkorrak gutxitzen laguntzen baitu. Hitz egitea oso ona da bihotz eta buruarentzat eta gure herrian, familian, lagunartean, lanean, eskolan… horren falta galanta dugu. "Hitz egiten dut; beraz, banaiz"