Lucijaren familia hezkuntza zorrotzekoa eta erlijiosoa da. Komentuan bere gelakideak gehiago ezagutzen joango da. Egun horietan, nerabean nahasten dira ikasitako hezkuntza erlijiosoa, eta askatasunarekin eta sexuarekin sortzen zaizkion sentsazio berriak. Santutasun eta bekatu kontzeptuei lotutako ideiak eta tirabirak sortuko zaizkio. Hezkuntzak ezarritako ideiak eta sentitzen dituen sentsazio berriek, Lucija aztoratuta sentiaraziko dute.
Filman ondo islatzen da adin horretako nerabeen izaera. Sortzen diren lagunak, lagunen arteko haserreak, jokoak, bihurrikeriak eta buruhausteak. Garrantzia handia ematen zaio pertsonaien arteko begiradei. Freskotasunez eta modu garbian kontatzen zaigu Lucijak jasaten duen egoera eta sortzen zaizkion sentimendu kontrajarriak.
Istorioa orokorrean ondo lotua dago eta aurrera doan neurrian tonu dramatikoagoa hartzen du. Modu egokian aditzera ematen zaigu Lucija bizitzen ari den zurrunbilo emozionala. Aipatutako freskotasuna eta kontatzeko modu garbia apur galtzen da bukaerako partean, batez ere eszena nahiko nahasi batean.