'Yo no moriré de amor' filma: bihotzera heltzen den istorioa

Erabiltzailearen aurpegia Antonio Zabala 2026ko maiatzaren 15a

Claudia neska gaztearen eta bere familiaren bizimodua zeharo aldatuko da familiaren ama gaixotzen denean. 6 urtean zehar ikusiko dugu nola amaren gaixotasuna aurrera doan, eta familiako kideen artean eta euren arteko harremanetan duen eragina.

Familiako kideen izaera, sentimenduak eta jasaten duten gorabehera animikoak oso modu egokian azaltzen dira; baina Claudia da istorioaren pertsonaia nagusia, eta haren ikuspegitik heltzen zaigu gertatutakoa.

Halako istorioak edo antzekoak denoi gertatu zaizkigu edo gertatuko zaizkigu. Marta Matuteren filmak ukitu autobiografikoa du, eta horrela ulertzen da zein ondo deskribatzen dituen egoera guztiak; nola lortzen duen istorioari behar duen tonua ematea. Filma zorrotza da, eta bertan egiten den elipsiaren erabilera bikaina. Ez zaigu
informazio guztia ematen, gure buruak hutsuneak bete ditzan, guztioi halako egoerak
ezagunak egiten zaizkigulako. Egoera latzak agertzen dira, baina kontatzeko modu lehorra, sotila eta sinesgarria da, eta pertsonaiengana hurbiltzeko modua, benetan hunkigarria. Familiako kideek ez dute askorik berba egiten elkarren artean, baina isiluneek, keinuek eta begiradek dena esaten dute. Aktore guztien lana zoragarria da.

Istorioaren garapen dramatikoa oso ondo neurtuta dago, bihotzeraino heltzen zaigun
bukaerara iristeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak