Gazan gertatzen ari dena salatzea oso garrantzitsua da, eta zinemaren bitartez mezu hori jende askori zabaltzea lortzen bada, askoz hobeto. Ikusle bat, ezer jakin gabe, La voz de Hind ikustera joaten bada, suspensezko thriller baten aurrean dagoela pentsa dezake. Neskatila bat auto baten dago, berarekin autoan daudenak hilda daude, Israelgo armadak tirokatua. Telefonoz laguntza eskatzen dio Media Luna Roja erakundeari, eta haiek ahaleginduko dira, oztopo guztiak gainditzen, neskatilarengana heltzeko.
Zuzendaria, bere filmatzeko moduarekin, erabiltzen duen erritmorekin eta sortzen dituen gatazkekin, nahiko hurbiltzen da zinema komertzialera; baina, benetan, dokudrama bat da La voz de Hind. Zuzendariak azaldu eta murgildu nahi gaitu Hind Rajaben bizitzaren azkeneko orduetan gertatutakora. Hori lortzeko, errealitatea eta errealitatearen errepresentazioa elkarrekin doaz. Filmean entzuten den ahotsa Hind Rajaberen benetako ahotsa da eta Palestinaren ahots bihurtzen da.