Oklahoma! musikala 1943ko martxoaren 31n estreinatu zen. Rogers Hart gabe egiten zuen lehen musikala izan zen, eta lortutako arrakasta izugarria izan zen. Estreinaldiko gauean musikaleko kideak Sard'is klubera joan ziren kritikak denek batera ezagutzeko. Linklaterrek gau hartako ordu batzuetan gertatzen den fikzioa sortzen du. Lorenz Hart lokalera heltzen da gainerakoak baino lehen, eta han topo egingo du pertsonaia batzuekin, berarentzat zorigaiztokoa izango den gau batean.
Hart oso pertsona berritsua da. Garrantzi handia ematen die hitzei, bai berba egiterakoan bai idatziz egiten duenean. Hitzak graziaz eta ironiaz erabiltzen ditu. Baina itxura horren atzean bihotza hautsita duen pertsona bat ikusten dugu: bakartia, oinazetua eta bere burua suntsitzeko joera duena. Hart lekuz kanpo sentitzen da aldatzen ari den mundu batean, eta bere parametro artistikoetatik eta estetikoetatik urruntzen ari den antzerkiaren munduan.
Linklaterrek, gidoi eder batez eta aktore talde zoragarri batez baliatuz, noraezean dabilen izaki baten erretratu maitagarria egitea lortzen du.